XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

400.000 errefuxiatu Gazako zortzi esparruetan bizi dira, eta beste 300.000 hirietan.

Errefuxiatu ez diren gazatarrak 250.000 inguru dira.

Salim nire laguntzailea, hain zuzen, hirian Khan Younisen bizi den errefuxiatuetako bat da.

Tel Aviv ondoko Jaffatik alde egin behar izan zuten Salimen gurasoek 1948an, etxea eta laranjondoz betetako lurrak utzita.

- Esku hutsik heldu ziren Gazara, eta hemen segitzen dugu ondorengoek.

Aita-amak hil ziren.

Etxearen eta lurren jabetza-agiriak gordeta ditugu, eta etxea hondatuta baina osorik dago oraindik.

Neure begiekin ikusi nuen duela hamar urte.

Hirian egin dugu lehenengo geldialdia, Arazo Sozialetarako Ministerioaren Khan Younisko ordezkaritzan.

Lau gizonezkorekin eseri naute.

Salim, Sanaa eta nirekin zazpi.

- Tea edo kafea?

- Ezer ez. Ondo nago esan diot Sanaari, itzul dezan.

Ez du ezer itzuli, eta niri begira, ahopeka:

- Baietz esan behar duzu!

- Ondo da. Ur pixka bat, orduan.

Tea ekarri didate, eta tea amaitu baino lehenago kafe katilua jarri didate aurrean eta, bero zahar honen kontrako ur freskoa eskertuko nukeen arren, kafe beroa ere irentsi dut, jendetasunaren eztarritik.

Errefuxiatuguneko miserien berri eman dit ordezkaritzako arduradunak, Salah Hamdanek: familiak handiak dira eta gelak oso txikiak; zortzi-hamar lagun bizi ohi da gela bakoitzean eta batzuek lastairarik ere ez dute; sukalde eta garbitasun tresneriarik ez dago; estoldarik ere ez errefuxiatugune osoan; (...)